XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Goizeko seirak izango ziren elizako kanpaiek mezetarako lehen deia egin zutenerako.

Amonatxo batzuk azaldu ziren Parrokiko atarian.

Sakristaoa ere bai, erdi-lotan oraindik, burnizko giltza haundiak astinduz.

Ate haundia zabaldu eta txarraka-txarraka barrura herri hartako amona zahar guztiak.

- Andala! Hor barruan hemen baino epelago egongo nauk! Pentsatu zuen Markosek.

Eta amonatxo baten jarraiki... zart!, barrura gure ijitoa ere.

Bat batean elizako argi denak bizten dira eta Markos, aulki artean, txundituta gelditzen da, Santu guztien begirada zorrotza ikusirik.

- Zer dela eta denak neri begira! Lapurretara natorrela uste al dute edo zer! Halako batean han aurrean zuriz jantzitako gizon arraro bat azaltzen da.

- Hauk kontuak eta komeriak! Nor ote da zuriz jantzitako horren aldamenean belaunikatu den mutikoa.

- Ez ote du ezagutuko? Ez. Markosek ez du mezalaguntzailerik ezagutzen.

Mezalaguntzaileak ez dira nonbait mendian gerezi lapurretan edo txori-harrapaketan ibiltzen diren mutiko bizkor horietarikoak.

Amonak xir-xir-xir, etengabeko marmarra isilean.

Alditan zutik, noiz nahi eserita eta belaunikaturik gehienetan.

Markos ere, denen antzera, noiz nahi zutik, noiz nahi belauniko eta, eskerrak, alditan ere eserita.

- Uffa!!!, amona hauen geldirik egon ezina!.

Halako batean, aldare aurrean zuriz jantzita dagoen gizon arraroak maniobra arraroagoak egin ditu eta amona zahar guztiak zutik jarri eta txarraka-txarraka han doazela aurrera.

- Andala! Hor aurrean zerbait ematen die.

Ezin egongo gaituk ba geldian, zer ematen duen jakin gabe.

Eta zubipeko ijito gaztetxoa ere aurrera doa.

Apaiz jaunak, begi zeharka batean nabaritzen du ijitoaren aldrebesa eta hala dio mezalaguntzaileari: - Hi, Pello Mokollo, hoa nire gelara eta ekartzak partxisezko fitxa bat.

- Partxisezko fitxa bat? - Bai Mokollo, eta azkar gainera! Bai laster ekarri ere.

Jauna hartu dute amona zahar guztiek.

Markosek ere ahotan hartzen du apaizak ematen diona, baina bere lekuan belaunikatu denean ezin pasa eztarriko zulotik halako gosaritxo gogorra.

Elizan denak isiltasun batean, Eta gure ijitoa... kis eta kas! Kis eta Kas! partxisezko fitxa hura irentsi ezinean.

Kis eta Kas! Kis eta Kas!.

- Arraioa! zer sartu didate ahoko zulora.

Kis eta Kas! Kis eta Kas! Baina alferrik.

Ijitoaren hortzagin zorrotzek ez dutela puska lehor hura apurtuko.

Kis eta kas! Kis eta kas! Eta eliz barruko atso zahar denak ijitoari begira.

Apaiza bera ere Meza jarraitu ezinik aurkitzen da.

- Pello Mokollo! Ederra egin diagu! Kis eta kas! Kis eta kas! Orduan eta haundiagoa ijitoaren amorroa.

- Hori ez da egiten! Esaten dio aldemenetik haserre batean urreratu zaion amonatxoak.

- Hori ez da Jainkoaren haragiarekin egiten!.

- Zer? Jainkoaren haragia esaten duzu? Ba, gehienez ere niri suertatu zaidan puska gogor hau Jainkoaren hezurren bat izango da.

Eta han doala Markos kanpoko zaparrada guztiak gainean dituela, kis eta kas! kis eta kas! Txistua jotzeko gogorik gabe, Kis eta kas! kis eta kas! nonbaiteko esne bila.